Gobierno Vasco

Zuzendariaren eskutitza 

Ongi etorri LIZARDI Institutuaren webgunera.


LIZARDI BHI komunitatearen zerbitzura dagoen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Institutua da. Ikasleei eta familiei, kalitatezko heziketa eskaintzea da gure helburu nagusia. Zarauzko, Getariako, Aiako eta Orioko herritarrei eskaintzen dizkiegu gure lana eta esperientzia. 1980an eman zion hasiera LIZARDI Institutuak bere jarduerari Araba kaleko egoitzan. 2001ean, Gurmendi kaleko eraikin berria egin eta gero, instalazioak eta zerbitzua nabarmen hobetu genituen. Hazkunde garaia bizitu dugu azken urteotan, eta guztietan, beharrei egokitu eta eskaerei erantzuten saiatu gara.


Bertan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Zereginak Ikasteko Gela heziketa-zerbitzua eta Batxilergoa eskaintzen ditugu. Pertsonak eta etorkizuneko profesionalak heztea da gure eguneroko zeregina, eta horretarako pertsonen gaitasunei ematen diegu garrantzia, egungo gizarteari erantzun egokia eman nahian, metodologien berriztapenean murgildurik eta teknologia berriekin lan eginez. Pertsonen garapenera bideratuta dagoenez LIZARDI, ikasleen eta familien ikuspuntuak, iradokizunak edo ideiak jaso eta kontuan hartzeko prest dagoen erakundea dela esan nahi dugu.


Baloreak lantzen ditugu eskola-orduetan eta baita hainbat ekintza osagarrietan ere, jakin bai baitakigu, ongi asko jakin ere, bizitzarako ezagutza ez dela nahikoa.

 

Webgune honen arrazoi nagusia, informazio beharrari erantzutea bada ere, zuen laguntzaz haratago joan nahiko genuke, harremanak ahalik eta modu zuzen eta irekienean izatea ahalbidetzen duen tresna guztion eskura jartzen. Gure ahalegina, eta alde biko harremanek izango dira gure jardunaren ardatza. Webguneaz gain, ordea, Institutuko ateak zabalik dituzu gurekin harreman zuzenak nahiago badituzu, baina ez ahaztu teknologia berriei esker, zauden lekutik iristen zarela guregana.

 

Adeitasunez,

Igone Azpiroz
Zuzendaria

© Lizardi Bigarren Hezkuntza Institutua
Telefonoa: 943834350 | Telefonoa: 943834024 | info@lizardi.eus