Gobierno Vasco

Ekonomia eta Zergak

Ekonomiari eta Sektore publikoari loturiko proiektua da "Ekonomia eta Zergak”, kontzientzia eta espiritu kritikoa garatzeko urratsa izan nahi duena.

Gizarte aurreratu batzuetan "ongizate eredua" defendatzen dugu. Gure gazteek, ordea, ez dute horren kontzientziarik nahiko berandu arte eta ez da harritzekoa, ez baitute orain arte izan, ez ekonomia formaziorik derrigorrezko hezkuntzan, ezta sektore publikoaren zergatiaren inguruko hausnarketa egiteko aukera handirik ere.

Hezkuntzan landu edo ez, edonork egiten du topo sektore publikoarekin une oro bere bizitzan: hezkuntza, osasuna, garraioa,... Horiek eta beste abar luze batek osatzen dituzte gure egunerokoan eskura ditugun zerbitzu publikoak.

Jaiotzetik sektore publikoak gure bizitzan duen garrantziaz jabetzeko lehen urratsak eman ditugu "Ekonomia eta Zergak" proiektuarekin: diru publikoaren iturria (zerga-sistema) eta diru horren erabilera (aurrekontu publikoak) lantzen ditugu metodologia parte-hartzaile eta kolaboratzaileak bidelagun.  

Zergak zertarako diren ulertzea ezinbestekoa da ongizatea ulertzeko, baina proiektu hau ez da hor amaitzen. Diru publikoaren iturriak zergak direla jakin eta ulertu behar dute gure gazteek, baina funtsezkoa da ezagutzea eta hausnartzea zertan gastatzen den herritarrengandik bildutako dirua. Proiektu honen bidez, justizia soziala edota fiskala, progresibitatea edota eraginkortasuna gazteen eskola curriculumean jarri ditugu.

Ekimen berritzaile hau gure ordezkariek hartutako erabakien ondorioak ulertzeko baliagarri izatea espero dugu, aurrekontuak eta zergak erabaki horien ondorio zuzenak baitira.

 

 

© Lizardi Bigarren Hezkuntza Institutua
Telefonoa: 943834350 | Telefonoa: 943834024 | info@lizardi.eus